Artículo publicado por Gaizka Eguzkitza en el número de Octubre de 2022 del periodico Bilbao
Iraia Iturregi Athleticeko emakumezkoen taldeko entrenatzailea
“Ingalaterrako Liga erreferentetzat hartzen dut”
Emakumezkoen Athletic taldea txukun ibili zen denboraldiaurrean eta ez du denboraldia txarto hasi. Aurten jokalari garrantzitsu batzuek utzi dute taldea; hala ere, baikortasunez egingo dio aurre denboraldi berriari. Hori esan digu Iraia Iturregi entrenatzaile loiuztarrak. Gainera, taldeko helburuak finkatu ditu: “Iazko denboraldia hobetzea; eta talentu handiko jokalarian Bilbon gelditzea”.
Aurtengoa ez da Athleticen neskentzat denboraldi erraza izango, besteak beste, lau jokalari garrantzitsuk Bilbotik alde egin dutelako: Vanesa Gimbertek eta Erika Vázquezek erretiroa hartu dute; eta Ainhoa Moraza eta Lucía García beste talde batzuetara joan dira. Iraia Iturregi entrenatzaileak uste du jokalariek dirua eta kirol proiektua hartzen dituztela aintzat, non jokatzen duten erabakitzeko. “Jokalari onek gehiago ira baz ten dute kanpoan; bestetik, kanpoko taldeak goi-mailako txapelketak irabazteko faboritoak dira eta tamalez, gu ez. Egoera zein den badakigu; lanean gaude hobetzeko”, esan du loiuztarrak.
Taldea, beraz, ezberdina izango da, bai, baina Iturregiren esanetan, ez okerragoa. “Lucía eta Erika taldeko jokalaririk onenetarikoak ziren, ez dugu gezurrik esango, baina jokalari gazte on batzuk ditugu eta beste batzuek aurrerapausoa egin beharko dute. Agian, indibidualki irudi me na eta eskarmentua galdu ditugu, baina taldeko giroa oso ona da eta jokalariak motibatuta dau de . Baikorra naiz. Aurten, taldea egonkortu nahi dugu. Sei jo - kalari galdu ditugu eta beste sei etorri dira euren ordez. Presidenteak eta biok horren berri eman genuen prentsaurrekoan eta bertan iazko denboraldia hobetu nahi dugula esan genuen. Kalitate handiko jokalariak joan dira, baina gure gazteek ere badute talentua. Eta talentuari eutsi nahi diogu”.
Klubak itxaropentsu dabil jokalari gazte batzuekin. Ez da harritzekoa, esate baterako, Ane Elexpuru, Clara Pinedo eta Maite Zubieta zuri-gorriek Estatuko selekzioarekin gazte mailako Europako Txapelketan irabazi zutelako udan. Baten batek dagoeneko jokatu du lehenengo taldearekin, baina norberaren errendimenduak erabakiko du etorkizun hurbilean Athleticen Lehenengo Mailan jokatzeko aukera izango duten ala ez. “Ez da erraza; gauza bat da Europako txapelketa gazte mailan ira baztea; eta beste bat da Ligan, munduko jokalaririk onenen kontra, aritzea. Egokitze prozesua egon behar da, baina gazteek jokatzeko estimulua izango dute lehenengo taldean edo bigarrenean, Bigarren Mailak ere exijentzia handia duelako. Gure filosofiarengatik, gazteek Athleticen beste talde batzuetan baino aukera handiago dute lehenengo taldean jokatzeko”, dio entrenatzaileak.
Lehengo hilabetean, Iturregik prentsaurrekoa eman zuen Jon Uriarte Athleticeko presidentearekin batera, urteko helburuak aditzera emateko. Entrenatzailea ondo moldatzen da presidente berriarekin. “Hauteskundeek ziurgabetasuna sortzen dute Athleticeko profesionalongan. Hala ere, hemen jarraituko nuela jakinda joan nintzen oporretara”.
Emakumezkoen futbola
Emakumezkoen futbolari buruz ere egin dugu berba Iturregirekin. Azken bolada honetan, hainbat urrats egin dira emakume futbolariak profesionalizatzearen alde, baina istiluz istilu dabiltza eta horrek ez dio onurarik ekarriko: epaileen greba, jokalari batzuek Estatuko selekzioaren entrenatzailearen kontra adierazitako jarrera... “Penagarria da. Liga eta Federazioa elkarrekin joango bagina, emakumezkoen futbola arinago garatuko litzateke. Eta gauzak ondo egiten badira, ziur nago etorkizun hurbilean Estatuko Liga munduko onena izan daitekeela”, aipatu du Iturregik.
Ildo horri jarraituz, Athleticeko entrenatzaileak Ingalaterrako Liga hartzen du erreferentetzat. “Bertako klubek eta federazioak inbertsio handia egin dute zenbait esparrutan: marketinean, partida guztiak ematen dira telebistan, estadio onenetan jokatzen dute... Estatuko Ligan, aldiz, gauza asko hobetu behar dira: talentu handiko jokalariak izan arren, ez dugu jakin produktua behar bezala saltzen; zelaiak hobetu behar dira ikuskizunaren onurarako; partidak telebistan eman behar dira, horren bidez, babesleak ere etorriko direlako... Apurka-apurka profesionaltasunera hurbiltzen gabiltza, teknikarion eta jokalarien baldintzak asko hobetu direlako, eta horrek egonkortasuna emango digu, baina lan handia dago egiteko”.
Mito Zuri-Gorria
Iraia Iturregi Sustatxa (1984) mitoa da Athleticen: guztira, hamabost denboraldi eman zituen talde zuri-gorrian eta 401 partida jokatu; 2010ean, oraindik jokalaria zela, hasi zen entrenatzen eta harrezkero kategoria guztietatik ibilia da. 2017an, erretiroa hartu zuen, baina bigarren taldean hasi zen; 2021ean, azkenean, lehenengoan. "Lezaman eman dudan ibilbidea oso aberasgarria izan da", esan du Iturregik.
Loiuztarrak ez du bere karrerari buruz gehiegi pentsatzen, egunerokotasunari arreta jarri nahiago baitu. "Nire lana ahalik eta ondoen egiten saiatzen naiz eta erreferentea banaiz, ederto, esate baterako, beste emakume entrenatzaileak motibatzeko. Lezaman lan piloa egiten da hainbat arlotan: kirola, gizartea,emakumearen ahalduntzen, emakumezkoen futbola merezi duen tokira eramaten... Nire ustez, hau da garrantzitsuena: ohera joan eta lasai lo egin, egunero ahal dudan guztia egin dudalako, bai taldearen, bai klubaren onurarako. Eta klubak aintzat hartzen du nire lana, beraz, poz-pozik nago". Iturregik "klubeko emakumetzat" hartzen du bere burua.