viernes, 29 de mayo de 2015

Athleticek irabazi du

Artículo publicado por Kirmen Uribe en el diario Deia el 27/05/2015

Ez dut ulertzen zergatik jartzen den zalantzan batzutan gure filosofia, atzerritarrak dituzten beste talde batzuk gu baino okerrago daudenean; eta gu, horretan, bakarrak gara


La gabarra del Athletic en su paseo triunfal en 1983 (DEIA)

Gure etxekoen artean amona Anparo zen, duda izpirik gabe, Athleticzaleena; San Mamesera behin ere joan gabe berak erakutsi zigun txiki txikitatik Athletic maitatzen

Beharbada esaldi hori irakurriko dugu Kopa finalaren biharamunean egunkarietan, Athleticek irabazi du. Baina, zer da irabaztea, partidan garaile ateratzea ala beste zerbait gehiago? Ez al da irabaztea bertan hazitako neska-mutilekin lehian aritzea, horiei hazten lagundu eta mailarik gorenera eramatea? Ez al da irabaztea mundu ligarik aberatsenetakoan urtea joan eta urtea etorri aritu ahal izatea eta gainera goiko postuetan? Ez al da irabaztea taldeak herriarekin lortu duen lotura estu hori? Kopako finaleko emaitza txarra izanda ere, niretzat, Athleticek dagoeneko irabazi du. Irabazita izango du toki nabarmen bat mundu mailako futbolean. Eta ez futbolariak banan banan onak direlako, ez horregatik bakarrik. Futbolari horien jokoaren atzean munduaren eta futbolaren ikuspegi berezi bat dagoelako baino. Horregatik, batez ere. Athleticek irabazi du, begirunea erdietsi duelako bere filosofiak mundu zabaleko edozein lekutan. Ez dut ulertzen zergatik jartzen den zalantzan batzutan filosofia hori, atzerritarrak dituzten beste talde batzuk gu baino okerrago daudenean. Eta gu, horretan, bakarrak gara. Eta horrek egiten gaitu bakarrak eta bereziak.

Aitor dut hemen futbola bera ez zaidala gehiegi interesatzen, are gutxiago gaur egun kirol horrek maila profesionalean hartu duen norabidea ikusita. Diru-kopuru erraldoi horiekin duen loturak -jatorri iluneko dirua delarik askotan gainera-, futbol-zelaietan hain xamur entzuten diren jarrera arrazista eta homofobikoek -euskaldunon aurkakoek ez esatearren- atzerakada sortarazten didate, erabateko arbuioa. Orobat, futbolari batzuen jarrerak hantuste eta indibidualistak, kontuan hartuko ez balute bezala beraien jokaera horiek gero errepika izaten dutela gaztetxoen artean. Dena den, nirekiko Athletic beste gauza bat da, edo halakoxea da behin-tzat nik Athleticaz daukadan ikuspuntua, norberak bere taldearen irudi bat eraikitzen baitu bere bizipenen arabera. Athletic, nire ustez, taldea da batez ere, norbanakoen gainetik dagoen andana. Athletic indarra da, ahalegina da eta ez lan erraza. Athletic da irabazten eta galtzen ikastea eta irakastea. Athletic da amets egiteko aukera, izan ere, zer du amets den dena eskura duenak? Ezer gutxi. A ze bizitza aspergarri eta laua. Athletic da frogatzea bizitzan gauzek har dezaketela norabide on bat, baita egoerarik zailenetan ere, argia atera litekeela ilunberik sakonenean. Athletic da iraganarekin lotura, oraina eta etorkizuna.

Gure etxekoen artean amona Anparo zen, duda izpirik gabe, Athleticzaleena. Berak erakutsi zigun txiki txikitatik Athletic maitatzen; gerra galdu zuen amona hark, San Mamesera behin ere joan ez zen amona hark, partidak etxean irratiz entzuten zituen amona hark, puntua egiten zuen bitartean, urduri. Ikusten bazuen partidak ez zuela itxura onik, irratia itzali eta akabo ipuinak. Nahikoa kezka bazuen familia aurrera ateratzen, bost alaba, gizona itsasoan eta bera kontserba-fabrikan lanean. Nahiz eta etxeko guztiek kexu egin, berak entzungor egin eta itzali egiten zuen gailua. Ez zen alferrik bera etxean agintzen zuena, jenio bizikoa baitzen emakumea. Hainbeste, ezen ezin zitzaion esan berari aurkaria gu baino hobeto ari zenik jokatzen. “Nola? Ez duzu geure buruan federik ala?”, galdetzen zuen horrelakoetan begietara zuzen behatuta. Berarentzat Athleticak lotura zuen aberriarekin, bere gaztaroan hain ankerki zapaldu zuten gure aberri txiki honekin. Umea nintzelarik, ez nuen ulertzen amonaren jarrera, itxia iruditzen zitzaidan eta inozoa, neurri handi batean. Zergatik ez onartu beste taldea gurea baino hobea dela, ulertezina egiten zitzaidan, benetan hala bazen. Baina orain ulertzen dut amonaren jarrera; jakina hura ere kontura-tzen zela aurkaria hobea zela baina berak ezin zuen jasan bereak galtzen ikustea, bere etxekoak, bere herrikoak, bere taldeak, maiteegi zituen horretarako.

Gure aita ere halakoxea zen. Arrantzalea izanik ez zuen aukerarik galtzen Athletic ikusteko. Bilbon bazen, bada Bibon, eta bestela lehorrean zegoela egokituz gero, kanpoko partidak ikustera eramaten gintuen autoz, Seat 124 zahar batean, gure amak gidatzen zuen autoan, hain zuzen, itsasgizonek txalupak bai baina autoak ez baitituzte eramaten. Nik uste, aitak itsasoan irratia hiru gauzetarako pizten zuela. Lehena, ze eguraldi egingo zuen jakiteko. Bigarrena, gainontzeko itsasontziak arrantzan non ari ziren jakiteko. Eta hirugarrena eta beharbada muntakoena bere taldeak zer egin zuen jakiteko. Hantxe egoten zen ekaitza zelarik ere olatuen zarataren artean gola noiz entzungo. Aitak gustukoena zuen Real Madriden aurkako partida ikusi eta haiei irabaztea. Halako mendeku antzeko bat zen beralakoentzat. Bartzelona garaitzea ere ona zen, baina ez zion hainbesteko amorrurik. Apostuak egiten zituen itsasontziko marinelekin, Real Madrilen edo Bartzelonaren alde egoten ziren gehienak, beti bera Athleticekin, nahiz eta dirua galdu. 1984ko maiatzaren 5ean ere itsasoan zegoen. Orduko apostua irabazi egin zuen eta aurretik galdutako diru guztiak bueltan etorri zitzaizkion.

Agian amonagatik izango da, baina niretzat Athleticek badu euskalduntasunarekin lotura. Jakina badirela beste euskal taldeak eta maite ditut horiek ere. Amak beti esaten zidan errealzalea ere izateko, eta bigarren taldea beti izan dut Donostiakoa. Duela urte gutxitik hona sortu dira bi taldeen arteko ezinikusi itsusi horiek, nik uste kirola ez den beste interes batzuetatik bultzatuak. Gogoan dut txikitan Errealeko liga txapelketa ospatzera eta jokalariak agurtzera joan ginela amarekin Donostiara, eta hurrengo urtean Bilbora, Athleticak irabazi baitzuen liga jarraian. Donostiara joan ginen athleticzaleak izanda, jakina, zergatik ez ba?

Badirudi Bartzelonako jokalariei kopak ez diela berebiziko zirrararik egiten. Beraientzat bigarren mailako titulu bat da, dagoeneko gainean duten titulu enpatxu horretan. Profesionalak dira eta ahaleginduko dira guri irabazten, nola ez. Baina, ez al da tristea maila horretara iristea? Ia baloratu ere ez egitea beste taldeei irabaztea hainbeste kostatzen zaien txapelketa hura. Guri ez zaigu hori gertatzen, ordea. Bide bat hautatu genuen, biderik zailena, bihurgunez betea, harrobia landu eta herriarekin lotura zaintzea, astiro, denborarekin, presarik gabe. Eta bide horri jarraituta iritsi gara helmugara. Lortzen zailak diren gauzak askoz ederragoak dira, askoz maiteago ditugu. Hori da hilaren 30ean lortuko duguna. Eta galtzen badugu, bada, berdin da, tristura txiki bat eta aurrera. Inportanteena bidea da, baita futbolean ere.